Agenda mediatikoaren eta eztabaida publikoaren erdigunea hartuta heltzen da feminismoa eta Mugimendu Feminista aurtengo martxoaren 8ra.

Euskal Herrian honen zergatia bi ardatz nagusitan aurkitu dezakegu. Alde batetik, azaroaren 30an burututako greba feminista orokorrean zein honek zabaldutako zaintzaren inguruko eztabaidan. Eta bestetik, maila globalean zein Euskal Herrian ematen ari den feminismoaren aurkako oldarraldi errakzionarioan.

Azken hamarkarkada honetan feminismoa izan da erralitate konkretuak eraldatzeko zein alternatiba integralak mahaigaineratzeko gaitasunik handiena erakutsi duen borroka. Horren adibide dira, besteak beste, lan ez ordainduak sistema sostengatzen duela mahaigaineratu izana, sektore feminizatuen lan-baldintzak politizatu izana, eta horiek duindu zein egungo eredua inpugnatzeko borroka ziklo oso bat abiarazi izana. Hor dago, hain zuzen ere, feminismoaren erradikaltasuna; urgentziazko neurrien aldarrikapenak sistema berri baten eraikuntzarekin uztartzean.

Irudikatu nahi dutenaren kontra, inoiz baino gertuago aurkitzen gara eraldaketa feminista integral batetik. Zaintza eztabaida publikoaren erdigunean kokatu da, eta honekin batera Euskal Herriko Mugimendu Feministak sektore berriak artikulatzeko, greba feminista orokorra planteatzeko eta zaintza sistema publiko-komunitarioa ipar herri akordio bat martxan jartzeko gaitasuna izan du. Feminismoak gizartearen parte handi baten atxikimendua lortu du, belaunaldi berrion politizazio iturri nagusienetarikoa bilakatu da eta zentzu komuna eraldatzen ari da.

Haatik, hau ez da erreakziorik gabe gertatu. Izan ere, eraldaketa feminista gizon zisheteroei boterea kentzetik, sistema neoliberal ziheteropatrialkaren egitura sozialak haustetik zein eredu ekonomikoa inpugnatzetik pasatzen da. Botere-harremanak eta emakumeen desjabetze prozesuak irauli ezean, ez dugu egungo egoera gaindituko. Horrek botere posizioetan aurkitzen diren subjektuen pribilegioei aurre egitea suposatzen du, eta hortik posizio horiei eutsi nahi diotenen erreakzioa: gizonena, enpresariena eta instituzioena. 

Honen aurrean, bi dira hartu daitezkeen posizioak. Batetik erreakzioak plantetzen dituen tesiekin bat egitea. Hots, feminismoa urrunegi joan denaren ideiarekin bat egitea, borroka eta antolakuntza feministak duen potentzial eraldatzailea neutralizatu asmoz. Eta bestetik, feminismoaren potentzial eraldatzaile osoa askatzea eta gizartearen eraldaketa feminista bateranzko hautuan berrestea legoke. Esan beharrik ez dago gu zein herri hau, bigarren horretan kokatzen garela. Horrela lerratzen garenon funtzioa izan beharko da beraz, feminismoaren aurkako oldarraldia eta finean diskurtso faxistak geratzea.

Eta lorpen materialaz baino gehiago ari gara; balioen lehia une batean topatzen gara, feminismotik horretan inziditzen ari gara eta ikus dezakegu nola duela hamarkada bat ezinezkoak iruditzen zitzaizkigun urratsak ematen ari ditugun. Horren gertuko adibideak dira, besteak beste, militantzia espazioetan zein hezkuntzan aurrera eramaten ari ditugun aldaketak.

Beraz, aurtengo martxoaren 8an inoiz baino argiago dugu soilik borroka feministaz lortuko dugula inor atzean utziko ez duen Euskal Herria erdiestea. Hau guztia Euskal Herrian gertatzen ari da; eraldaketa feminista orain eta hemen posible da. Erronka handiak ditugu parez pare; greba feminista orokorrean metatutako indar guztiei zukua ateratzen jarraitzea, herri akordioaren gauzatzea Euskal Herriko txoko guztietara eramatea eta antolakuntza feministarako deia indartzea. Neska*, trans eta bollerok borroka feministaren lehen lerroa hartzen jarraitzea. Bide horretan, Mugimendu Feministaren deialdiekin bat egiten dugu, eta deia luzatzen diogu euskal gazteriari Euskal Herri luze eta zabalean antolaturiko mobilizazio zein neska* gazte blokeetan parte hartzeko.

Zabaldu berri den borroka zikloan, Euskal Herria feminismotik eraikitzen jarraituko dugu.

Gora borroka feminista!